XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Laurak pasatxo dira, bi ordu daramat hemen.

Ez dakit anaia zaharra etortzen denean hemen egon beharko nukeen.

- Senarra Jerusalemen izaten da egun osoan?

- Goizean alde egiten du eta gauean etortzen da, lotara.

Kanpoan izaten da beti, eta hobe horrela.

Hemen denean okerrago izaten da: beti haserre dago, umeak jotzen ditu...

Nahiago dut bera ez egotea.

Bozgorailuetatik otoitzak entzun ditugunean erlojuari erreparatu dio Zahirak.

Laurak eta laurdeneko errezuen ordua da; arratsaldeko bigarren otoitzaldia, eguneko laugarrena.

- Otoitz egin behar duzu? ospa egiteko tenorea heldu zaidalakoan nago.

- Baina aurretik eskuak, orkatilak, burua eta lepoa garbitu beharra dauzkat, eskua ukitu didazulako.

- Eskua eman dizudalako dena garbitu behar? argazkiekin batera bostekoa ere eman diodala akordatu naiz.

- Islamak hala eskatzen digu.

- Barkatu, orduan.

- Lasai, nire senarrak ukituz gero ere garbitu egin beharko nituzkeen.

Aitak edo nebek bakarrik uki nazakete gizonen artean.

Ea berriro noiz ikusiko galdetu diogu elkarri, alde egiteko asmoa agertu diodanean.

- Igandean banoa nire herrira.

Helbideren bat bazenu, hurrengo urteren batean itzultzen naizenean bisitatuko zintuzket.

- Ez daukat batere, ez dakit denda hauetan noiz arte izango garen. Hurrengo urteetan hemen ez izatea espero dut!